- Langraitzen (Araba) eta Zubietan (Gipuzkoa) makroespetxeak eraikitzearen aurkako plataforma
- EHGAMen ATXIKIMENDUAREKIN
Proiektu honen aurrean ezezkoa ematera bultzatzen gaituzten arrazoiak hauek dira:
1. Ez dago lekuen beharraren inguruko diagnostikorik (zenbat, nolakoak, betetzeko erak), ez Euskal Herri mailan ez eta Araba edota Gipuzkoa mailan ere proiektu hauen beharra arrazoitzen dutenik. Martutene eta Langraitzko espetxeak oso egoera txarrean daudela izan da komunikabideetan erabili den argudioa, baina ez bertan espetxeratuak dauden pertsonenganako kezkarengatik, espetxe berrien beharra justifikatzeko interesagatik baizik, Langraitzen dagoen oraingo espetxe baliogabea itxia izango denaren inolako bermerik eskeini gabe eta Martutene ixtearen arrazoiak espetxeratuak dauden pertsonei eta Donostiako udalerriko biztanleei arrotz zaizkien interes urbanistikoak direlarik.
2. Bai Langraitzko udalerrian dagoen Zabaia polborin zaharrean beste espetxe bat eraikitzeko proiektuak eta baita hasiera batean publiko egin den Zubietako espetxearen proiektuak ere 500 binakako ziegadun zentruak izatea planteatzen dute. Proposamen hau ez dator bat legeak dioenarekin eta praktikan 1000 pertsona bere baitan jasotzeko ahalmendun makroespetxeetan bilakatzen ditu.
3. Beste behin ere ez da kontutan izan Zubietako eta Langraitzko biztanlegoaren eta bizilagunen iritzia halako tamainako proiektu erraldoi bat aurrera eraman aurretik. Dakigula, garapen jasangarriaren eta ingurumenaren ikuspuntutik ere, ez dira egin beharreko azterketak burutu proiektuek pertsonekiko eta ekologiarekiko izan ditzakeen eraginak aztertuz.
4. Egungo gobernuaren politika makroespetxeak eraikitzearen aldekoa da eta orokorrean espetxe berriak eraikitzearen aldekoa. Politika honek jendarteratzeko politiken bidez pertsona preso gutxiago egon daitezen baldintzak bilatu beharrean, gatazka sozialen erantzun nagusitzat, bakartzat ez esatearren, zigorperatzea eta espetxeratzea mantentzearen alde apustu egiten duen eredu bati erantzuten dio, apustu honek espetxeratutako biztanlegoa neurrigabe handitzea suposatzen duelarik.
5. Egungo justizia penaleko administrazioaren eraginkortasun falta nabaria dela deritzogu. Ez da pertsonak babesteko eta egindako kalteak konpontzeko gai delitu baten biktima garenean, ez eta gure oinarrizko eskubideak bermatzeko ere ustezko delitugile bezala zigortu edo auziperatzen gaituztenean. Horregatik honen eginbidea berbegiratzea beharrezkotzat jotzen dugu.
6. Egungo delituen aurkako prebentzio eta borroka ereduak, orain arte,batez ere jendarte bazterkeria egoeran dauden kolektiboen eta disidentzi politiko mota jakinen kriminalizazio selektiboan oinarritzen dela erakusten du. Ez dago delitoaren aurka ezarri behar diren eredu eta lehentasunei buruzko eztabaida politiko ireki eta partehartzailerik. Hauxe hiritarren behar orokor eta anitzetatik abiatuta egin behar da eta ez estatuaren eta bere kontrol polizial zein penalaren aparatuen interes berekoietan oinarritua. Ez dago delituaren aurrezaintza eta tratamenduaren aurrean hartu beharreko erantzun egokiei buruzko inolako eztabaida ezta diagnostikorik ere.
Arrazoi guzti hauengatik proiektu hauek errefusatzedn ditugu eta inplikatutako erakunde guztiei eskatzen diegu 2006ko Otsailean Eusko Legebiltzarrean EAEn Langraitz eta Zubietan planteatutakoak bezalako "zentru tipo"-ak eraikitzearen aurka gehiengoz harturiko erabakia bete dezatela.
No comments:
Post a Comment