2006/03/26

> Donostia: ARRAZAKERIA ETA XENOFOBIAREN AURKAKO 9. MARTXA

  • Festa giroan, harresi guztiak gainditzeko aldarria egin dute
    Mila lagunek hartu dute parte Bulebarrean bukatu denArrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako IX. Martxan
  • Amaia Portugal
  • Irutxuloko HITZA, 2006-03-2

Taupada batukada taldearen erritmo biziek lagunduta, festa giroan egin zuten atzo Trintxerpe eta Donostiako Bulebarraren arteko ibilbidea Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako IX. Martxan parte hartu zutenek. Arrazakeria soziala: gainditu beharreko beste harresi bat lelopean, jendetza atera zen Trintxerpetik, eta are lagun gehiago batu zitzaizkien Donostian. 13:30ak aldera mila lagun sartu ziren Bulebarrean.

Martxako parte-hartzaileek kioskoa inguratu zuten, eta batukadaren erritmoak erakarrita, Bulebarrean paseatzen zebilen jendea ere gerturatu zen ikusminez. SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzagak hartu zuen hitza, eta Espainiako Gobernuak eta, oro har, Europako Batasunak etorkinentzat darabilten politika salatu zuen. «Oinarrizko eskubideak urratzen dituen politika baten biktima dira», esan zuen Unzurrunzagak. «Sartzea lortzen dutenean, haren heriotza zibila ekarriko ez duen harrera politika baten beharra dute».

Unzurrunzagak minutu bateko isilunea eskatu zuen egunero Afrikaren eta Europaren arteko harresian borrokan dabiltzanentzat. Txalo zaparrada batez bukatu zen minutua. Jexux Mari Irazu eta Jon Maia bertsolarien txanda izan zen jarraian. Karidadea ez dute behar / errespetua bakarrik, esanez bukatu zuen Maiak bertso saioa, eta txalo artean hartu zuten hori ere.

Pozik baina ez konforme
Karlos Ordoñez martxaren antolatzailea pozik zegoen izandako babesarekin. Izan ere, inoiz baino jende eta elkarte gehiagok 32 guztira hartu zuten parte. Gainera, martxa ez ezik, ekimen ugari prestatu zuten aste osorako. Atzo, esaterako, bazkaria eta bideo-emanaldia egin zuten Guardetxean martxaren ondoren. Hala ere, atzoko harrera ona ez dela nahikoa esan zuen Ordoñezek: «Gehiago izan behar dugu. Denok dugu zeresana auzi honetan».

No comments: