- HIESak 25 urte
- Sejo Carrascosa, Prebentzio-Teknikaria
- SIDALAVA · Arabako hiesaren kontrako batzordea
Zoritxarrez Kaliforniako koadro kliniko ezin arraroago batekin hasi zenak erabat bete den profezia baten gisa funtzionatu du.
Esan zuten osasun publikoaren krisi bat eragin zezakeela. Eta horrela izan da.
Ziztu bizian zabaldu zen gaixotasunaren kontrako borroka eta tratamendu egokiaren bilaketa erlojupeko lasterketa bilakatu ziren, gaixotasuna oso denbora gutxian heriotza bilakatzen baitzen; honekin batera, beste borroka-lerro bat ireki zen, prebentzioarena, gaixotasunaren hedapena ekiditeko.25 urte hauen ostean argi eta garbi dago erretrobirusen kontrako tratamenduen bilakaerak arrakasta handiak eskuratu dituela; hauek erabiltzeak pertsona seropositibo askori nahiko bizitza normala egitea ahalbidetu die, gutxienez herri aberatsetan, lagun batzuentzat berandu heldu baziren ere eta beste batzuek batere goxoak ez diren bigarren mailako ondorioak jasaten badituzte ere.
Zoritxarrez, ez dugu lortu benetako konpromiso bat tratamendu hauek behar dituzten pertsonenganaino heldu daitezen, gehienak garapen-bidean dauden herrietan bizi direlako; bestaldetik, gaixotasuna hutsalkeriatzat jotzen da, gurea bezalako herrietan jendeak gaixotasuna, nahiko modu okerrean, zerbait kroniko eta kontrolagarritzat hartzen duenez, kutsadura berrien kopuruak bere horretan jarraitu ez ezik, zertxobait gora egin ere egin du.
Prebentzioak ere beste garai batzuetan pentsaezina zen lorpen maila lortu du. Sexu jarduerak edozein balorazio moraletatik kanpo aztertzeak eta drogamenpekotasuna aurreiritzietatik harantzago behatzeak kutsaduren kopurua murriztea ekartzeaz gain, errotik aldatu egin du sexualitate eta drogaren inguruan jarduteko gizarte esku-hartzea, behintzat herri aberatsetan, nahiz eta Eliza Katolikoa bezalako botere faktikoek prozesuok oztopatzeko trabak etengabe jarri.
Ezin ahaztu arlo honetan ere gaixotasunak emakumeak gehiago jotzen dituela, sexuen arteko desberdintasunek kalteberago bilakarazten baitituzte.
Emakumeen berariazko gaixotasunei buruzko ikerketa apurrak askoz beranduago egin dira, eta oraindik ere kutsadurarako bide huts moduan hartzen dituzte soilik: putak, amak, promiskuoak…
25 urte eta gero, pandemiaren benetako ikuspegia ezin ezkorragoa da.
40 milioi lagundik gora kutsatuta, eta beste 30 milioi hilda, 3 milioi lagun hiltzen dira urtean, eta 15.000 lagun kutsatzen dira egunean.
Estatu espainiarrean urtero 2.000 lagun hil eta beste 3.000 kutsatu egiten dira.
Hiesa mundu zabalean zehar hedatu da, eta sektore txiroenak jo ditu, berez eta besterik gabe aurrera egiteko nahiko arazoak zituzten herrialdeen garapenerako arazo bihurtzeraino.
Hiesa eta txirotasuna Afrikako ezein herrik Milurteko Garapenaren helburuak ez lortzeko arrazoi nagusia dira, NBEko Idazkari Nagusi Kofi Annanek berak aitortu duen bezala.
Herri hauetan, pandemiak batik bat emakume eta haurrak jo ditu, eta historia osoan ezagutu ez dituzten sufrimendua eta heriotza-tasa eragin dizkie: 2,5 milioi ume hil dira herri txiroetan, hauetariko 500.00 iaz, eta ez du ematen etorkizunak zenbaki hauek apalduko dituenik.
Herri aberatsek, gureak barne, ez dute betetzen Hiesa, Tuberkulosia eta Malariaren kontrako borrokaren Munduko Funtsari egindako ekarpenak handitzeko konpromisoa. Promesa horiek egiten direnean prentsaren titular nagusietan agertzen dira, ez, ordea, betetzen ari ez direlako salaketak.
Farmazia laborategiek ez dute egoera hau arintzen laguntzen, izan ere, eta patenteen lagapena egin nahi ez dutenez, planetako alde zehatz batean jaio izateagatik behar oinarrizkoena, osasuna, asetzeko eskubiderik ez duten milaka pertsonen bizitzen jaun eta jabe bihurtzen dira.
Txerto baten aldeko borrokak etengabe egiten du talka farmazia industriaren lehiakortasunarekin, eta begi aurrean jartzen dizkigu azken helburutzat dirua baino ez daukan ikerkuntza sistema baten miseriak.
Herrialde askotako agintariek prebentzioa GKEen esku utzi dute, eta horrela herritarrekiko dauzkaten oinarrizko erantzukizunak alboratu. Honekin batera, pertsona seropositiboen bizitza hobetzeko konponbideak atzeratu egiten dituzte, baita bigarren mailako efektuak edota jasandako bazterkeria arinduko lituzketen baliabideak murriztu ere. Erretrobirusaren kontrako tratamendu batek 9.000 € urteko balio ditu; azken bolada honetan kanpaina garesti ugari ikusi ditugu: euroa erabiltzen ikasteko, Europar Konstituzioaren alde onen berri emateko, erretzea debekatzeko… Hiesa den pandemia honetarako soilik sos apur batzuk gordetzen dituzte, egun, eta boluntarismoari zein irudimenari esker pittin bat lortzen ari direlako mundu mailako hondamendia den kutsadura geldiaraztea.
GIB-HIESaren kontrako ekintzaileok bidegabekeriaren kontra borrokatzen, bazterkeria salatzen eta sufrimendua arintzen jarraituko dugu. Eta hona ekarri nahi ditugu HIESaren kontrako borrokaren lehen ekintzaileetariko baten hitzak, 1999an hildakoa: Gogora ezazue egun batean hiesaren krisia amaitu egingo dela. Eta egun hori heltzen denean eta atzean geratzen denean, bizirik egongo den jendeak entzungo du behin gaixotasun izugarri bat egon zela, eta pertsona ausart batzuk altxatu, borrokatu eta, kasu batzuetan, hil egin zirela, beste batzuk aske bizi izan ahal izan zitezen.
No comments:
Post a Comment